Santiomendin elkartu ziren atzo, Hernani, Astigarraga, Urnieta,
Andoain, Lasarte-Oria eta Usurbilgo udal ordezkari eta teknikariak,
Behemendi Turismoguneko arduradunekin batera, Donostialdea eskualdeko
ibilbideen mapa aurkezteko.
Natura turismoa bultzatzeko 18 ibilbide eta hainbat interes gune
Guztira, 18 ibilbide biltzen dituen eskualdeko mapa aurkeztu zuten atzokoan: Sagardoaren lurretik ibilbideak.
«Gehiago ere badaude», azaldu zuen Amundarainek, «baina lehentasuna eman diegu seinalizatuta eta homologatuta daudenei. Gero, Buruntzaldeko ibilbideei, lehendik ere beste kolore batzuetan seinalizatuta zeudenei. Bestalde, Done Jakue Bidea eta Plazaolako Bide Berdea ere beste kolore batekin bildu ditugu, eskualdetik haratago baitaude, eta bizikletaz ere egin baitaitezke».
Horrez gain, interes gune batzuk ere markatu dituztela azaldu zuen. «Ikonoen bidez monumentu megalitikoen markak jarri ditugu: trikuharriak, dolmenak… Erakargarri turistikoa ere badira, eta baita eskualde honetako bereizgarria ere».
Azkenik, bista panoramikoak eta atsedenlekuak ere jasotzen dira mapan, eta Oriako erribera eta Leitzarango biotopo babestua ere bai. «Gainera, Aiako Parke Naturala ere markatuta dago. Garrantzitsua iruditzen zaigu parke natural bat nabarmentzea, eta Hernaniko ibilbide asko gune horretan daude».